Historioa

Historia

Orendain Gipuzkoako Tolosaldea eskualdean kokaturik dagoen herri txiki bat da. Mugakide ditu, iparraldean Alegia eta Ikaztegieta, hegoaldean Abaltzisketa eta Gaintza, ekialdean Amezketa eta mendebaldean Baliarrain eta Legorreta. Herri kaskotik Aralarko mendiak, (Txindoki, Auza-Gaztelu…) Aizkorri, Ernio, Uzturre ikus daitezke. Paisaia paregabe baten erdian kokatuta dago beraz gure herria.

Herria lau bailaratan antolatuta dago: Kaskogain, Astizalde, Baldanalde eta Egileor. Herriko mendi tontor nagusiaren izena Urkolamendi da. Ekialdean Amezketa errekak mugatzen du Orendaingo herria eta mendebaldean berriz, Ibiur errekak mugatzen zuen, gaur egun, Ibiurko urtegia denak.

Herri euskalduna da Orendain. Lurrari lotua izan da beti eta beraz baserri, soro, baratz, zelai eta basoz osatutako herri bat da . Gaur egun Orendainek 200 biztanle inguru ditu.

Oraingoz, Orendaini buruzko lehen aipamena XIV. mendeko dokumentu batean aurkitu da. Aipaturiko 1350. urteko dokumentuan, Orendain, Iruñeako elizbarrutiaren barruan dagoela aipatzen da.

24 urte beranduago, 1374. urtean, Orendainek Tolosako auzotasun izaera eskuratzen du eta Tolosako auzo izango da 1615. urtean herri izaera hartzen duen arte. Horretarako, Gaztelako erregeari, herritar guztien artean bildutako diru bat eman behar izan zitzaion: 25 dukat, (gaur egun gutxi gora behera 600€ izango liratekeenak) biztanle bakoitzeko, zehatz mehatz.

Garai beretsuan, 1384. urteko uztailaren 20an hain justu, Enirio eta Aralarko Bozue Nagusiko Batasunaren barruan, Abaltzisketa, Amezketa, Baliarrain eta Ikaztegietarekin batera elkartzen da, Gipuzkoako Junten barruan ordezkaritza lortzeko. Gaur egun Enirio Aralarko Mankomunitatea izenez ezagutzen dugun elkarteko kide egin ginen garai hartan beraz. Ordutik aurrera, Aralar mendizerrako lursailen gainean erabakiak hartzeko eskubidea du Orendaingo Udalak. Nola bertara animaliak bidaltzeko hala bertako egur eta bazken aprobetxamendua egiteko ere. Gaur egun, Enirio Aralarko Mankomunitateko parte izaten jarraitzen dugu, Orendaingo artzaiek bertako txabolak erabiltzeko eskubidea dutelarik eta ingurua babesten jarraitzeko konpromiso irmoz.

Hasierako urte horietatik gaur egunera arte, bi alditan beste hainbat herrirekin elkartuta administratu izan da Orendain. Lehenengo aldiz, 1625etik 1877 arte, Orendainek, Alegia eta Ikaztegietarekin bat egiten du, Aizpurua Araneko Hiruren Arteko Batasun eta Anaitasun bezala ezagutzen dena osatuz.

1966tik 1988. urterarte berriz, Ikaztegieta eta Baliarrainekin bat egiten du. Iruerrieta deitzen zitzaion, Franco garaiko gobernuaren behar juridiko eta praktikoak zirela medio elkartzen dira hiru herriak. Elkartze hau 1966ko martxoaren 31eko dekretuaren bidez gauzatzen da. Administrazio egoitza nagusia Ikaztegietan izan zuen. 1979an ordea, autonomia berreskuratzeko aukera zabaltzen da. 1982an eskaera egin eta bide administratibo luze eta zail bat igaro ondoren Orendainek 1988ko irailaren batean gaur egunerarte iraun dion autonomia berreskuratzen du.

Orendainen dauden eraikinik esanguratsuenen artean Udal eraikina, Jasokundeko Andrea Maria eliza, San Sebastian baseliza eta zeuden bi errotak aipatu behar dira.

Orendaingo lehen udaletxea 1690ean eraiki zen herriko hargina zen Juan Zabalaren gidaritzapean. Txiki geratu zenez, 1777an Juan Arrue arkitektoak beste proiekto bat aurkeztu zuen. Obrak hasteko zorian egon ziren baina azkenean gaur egun daukagun udaletxeko eraikina Justo Olagibel arkitekto gasteiztarrak diseinatu zuen eta 1787. urtean eraiki zen. Bere aurrekalde Neoklasiko zoragarriagatik da ezagun Orendaingo udaletxea.

Andre Maria elizak ere, bere bilakaera izan du. 1774ean Martin Carrera arkitektuaren traza eta diseinuak jarraituz egindako eraikina da. Esan bezala, egin zenetik gaur egunera hainbat aldaketa jasan ditu. Besteak beste, euri eta haizeak gogor zigortzen zuelako. Gaur egun korua dagoen lekuan omen zuen aurrez aldarea esaterako.

San Sebastian ermita berriz, zaindaritzapeko baseliza da. 1566. urtean, Gracia de Lizarribar herritar zenak bere testamentu baten bidez egiten duen azken borondateko xedapen dokumentu batean agertzen da berari buruzko lehen aipamena. Dokumentu honetan bere omenez argia jartzearen truke erreal bat emango duela agintzen duelarik.

Orendainen beste bereizgarri nagusienetako bat, mendi gain batean kokatu arren, bi errota izatea izan da. Bat Ibiur errekaren ondoan eta bestea berriz, Amezketako errekaren baitan. Ibiurko errota gaur egun Ibiurko urtegiko ur azpian dago. Amezketa ibaiko ur emariaren indarra erabiltzen duen errota martxan dago ordea. Orendaingo errota izenez ezagutzen dena. Historian zehar egin bezala, irina ehotzen jarraitzen du zorionez gaur egun ere eta gure arbasoen bizimoduaren erakusgarri bizia da. Orendainen daukagun altxorrik aipagarrienetakoa.

Badira beste hainbat datu aipatzea gustatuko litzaizkigukenak. Esaterako: Alegiatik Orendainera doan errepidea 1897-98 urte artean egin zutela. Lehen aldiz zoladura 1952. urtean eman zitzaion arren. Argi indarra Orendainera 1932. urtean ekarri zuten eta ur korrontea etxeetara 1956. urtean iritsi zen.

Lehen izan zirenei esker gaur egun bagara eta gaur egun egiten denari esker, ondorengoak ere aurrerantzean izan dezatela mundu zabalean kokaturiko herri koxkor zoragarri honetan bizitzeko aukera.